Tokiko
egunkari batek berriki zabaldu du Donostiako Udala bertako kaioen
populazioa "kontrolatzeko" asmotan dabilela. Gero eta kaio gehiago
hurbiltzen ari omen dira Donostiako zenbait tokitara, batez ere
hondartzara, eta zenbait pertsona kexu dabiltza, haien presentzia ez
dutelako gustuko.
Paradoxikoki,
kaioak "kontrolatzeko" neurri hau iradoki duen zinegotzia ekologia
zinegotzia da, benetan harrigarria. Izan ere, ekologiako zinegotzi
batek, basa-animaliarik gabeko hiri-eredu bat sustatu beharrean,
fauna-ondarea babesteaz arduratu beharko luke.
Ekologia-zinegotziari
gogorarazi beharko litzaioke Donostian – kaioekin bizikidetza-arazoak
izan daitezkeen kostaldeko beste herri batzuetan ez bezala – eraikinetan
ugaltzen diren kaio-bikoteak eskuko atzamarrekin zenbatu daitezkeela.
Horrez gain, komeni da gogoratzea euskal kostaldean kaio hankahorien
populazioa egonkortuta dagoela gainbehera luze baten ondoren.
Bestalde,
ekologiako zinegotziak jakin behar luke Donostia, eta zehazki Urumearen
bokalea, Euskal Herriko punturik onenetakoa dela hainbat kaio espezie
–horietako batzuk ez-ohiko espezieak izanik– behatzeko eta haiei
argazkiak ateratzeko, eta ornitologo ugari erakartzen dituela. Gainera,
Urumearen bokalea kaioen eraztunak irakurtzeko ere bisitatzen dute
zaleek, eta horiek Europako eraztun-proiektuetako ikerketa-lanetan
laguntzen dute (herritarren zientzia-ariketa nabaria). Bi jarduera
horiek arriskuan egongo lirateke tokiko kaioei, edo migrazio-bidaietan
Donostian geldialdi bat egiten dutenei, jazartzeko neurriak hartuko
balira. Eta ez genuke ahaztu behar, halaber, Aranzadik kaioen inguruko
ikerkuntzari dagokionez sortzen duen ekoizpen zientifikoa, neurri handi
batean tokiko populazioetan zentratua.
Ekologiako
zinegotzigoari eskatzen diogu lehentasuna eman diezaiola tokiko
fauna-ondarearen defentsari, eta ez erabat alarmistak diren diskurtsoei,
basa-faunarik gabeko hiri baten eredua sustatzen baitute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina